Lankidetza eta Garapena

25 urte saharar herriaren ondoan. Saharar errefuxiatu kanpamentuetara mota ezberdinetako laguntza bidaltzen eta beraien helburuen alde borrokan.

2000. urtean sortu zen. 1999.urtean Oporrak Bakean programan etorri behar zuten haur saharar errefuxiatuen harrera familiek sortu zutelarik.

Urte hartan ez zen Oporrak Bakean gauzatu, baina familiek antolatzeko beharra ikusi zuten saharar errefuxiatu kanpamentuak bisitatu ondoren.

 

Hasiera batean Oporrak Bakean programa aurrera eramateko eta ondoren beste hainbat proiektu eta programekin hasi zen lanean.

 

Herri sahararraren bidelagun izan gara eta Fronte POLISARIOak edota bere Ordezkariek bultzatutako ekintza, proiektu eta programak eraman ditugu aurrera.

 

BILKETA: Azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean gauzatzen da.

Elikagai, higiene produktu eta eskola material bilketa egiten da.

Emergentzia proiektua da, Saharar Ilargi Gorriak azken urteetan adierazpen ezberdinak gauzatu ditu errefuxiatuen egoera larriaz informatuz.

Espainiar Estatuan dauden elkarte ezberdinak data zehatz horietan egiten dute bilketa eta Fronte POLISARIOak adierazten dituen produktuak jasotzen dira.

 

Tolosaldeako udaletxeei eta ikastetxeei bilketan parte hartzeko gonbitea luzatzen zaie. Batetik produktuak biltzeko txokoak jartzeko eta bestetik herritarrei eta ikasleei guk helarazitako informazioaren bidez (eskutitzak, kartelak&hellipWink bilketan parte hartzera gonbidatzen dituzte eta paraleloki herri sahararraren egoeraren berri zabaltzeko baliatzen da.

Bestalde, supermerkatuetan BILKETA egiteko antolatzen gara.

Biltzen den guztia Tolosan dugun lokalean antolatzen dugu, horretarako lokala BILKETA egiteko prestatu behar da, produktu guztiak antolatu eta behar den bezala kaxatan jarri behar dira.

Boluntarioen laguntza behar izaten da.

 

OTSAILAK 27: SENTSIBILIZAZIO JARDUERA

Saharar herriaren arazoa, arazo politikoa dela jakinda, udaletxeei udal-batzarretan aurrez aurkezten den mozioa landu eta adosteko eskatzen zaie. Egun horretan udaletxeko balkoian elkartasuna adieraziz saharar bandera jartzeko eskaera egiten da.

Iluntzean kontzentrazio bat burutzen da.

 

OPORRAK BAKEAN:

Irailean balorazioa eta memoriekin bukatu ahala hurrengo urteko programa jartzen da martxan.

Oporrak Bakean Gipuzkoan 1986. urtean sortu zen eta ordutik ehundaka familiek, 8 eta 12 urte bitarteko haurrak, harreran izan dituzte euren etxean. Programa honek koordinazio lan bat eskatzen du, programan hainbat partaide daudelako: elkarte eta udaletxeak, harrera familiak, Aldundia, Osakidetza eta PADI, Espainiar Gobernua, AENA, Saharar Gobernua, Argeliar Gobernua, familia biologikoak, haurrak … eta den denak koordinatu behar dira ekaina bukaeratik abuztu bukaera bitartean haurrak gure herrietan, Tolosaldean egon daitezen.

Tolosaldeako harrera familiekin lanketa berezia gauzatzen da. Beharrezko informazioa eman, agiriak jaso, ematen diren pausoen inguruan abisuak eman… ahalik eta gertuen eta babestuen sentiarazten saiatzen gara.

 

Ekainean uztaila eta abuztuko programaketa lantzen da. Gauzatu beharreko mediku errebisioak, ekintzak, jarduerak, beharrak… egiten dira.

Uztailan eta abuztuan haurren egonaldia da, eta bi hilabetez gure esfortzurik handiena egiten dugu ahalik eta egonaldi zoriontsuena izan dadin eta programak dituen helburuak betetzeko.

Haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetara itzuli aurretik Tolosaldea Sahararekin elkarteak Agur-Festa antolatzen die.

Eta irailean balorazioak gauzatzen dira, programaren beharra izango balitz datorren urtean programa hobetzeko asmoz. Baloraketak haur eta familiak, harrera familiak, elkartekoa, Gipuzkoa eta Euskadi eta Espainiar Estatukoa ere egiten dira. Hilabete bakar batean baloraketa guzti horiek egiten direlarik.

 

MAIATZA BORROKAN: Maiatzak 10-20tik bitartean gauzatzen den sentsibilizazio jardunaldia da. Egun horiek bereziak dira saharar herriarentzat eta hori baliatuz saharar herrira gerturatzen gaituen ekintzak antolatzen ditugu. Nortasuna, kultura, errekurtso naturalak, gazteak, kirola, elkartasuna politika… gai ezberdinak uztartuz hitzaldiak, erakusketak, "bueltaka", dantza eta musika, material salmenta, dokumentalak…

Tolosaldeako herritarrek saharar herriaren inguruko informazioa jasotzeko aukera izateko ahalik eta saio interesgarriak antolatzen ditugu. Tolosaldeako biztanleak saharar herriaren inguruko informazioa jasotzeko asmoz.

 

URRIKO JARDUNALDIA: sentsibilizazio jardunaldia. Urrian martxa berdea eta Gdeim Izik kanpalekua gogoratuz, elkarteratze bat gauzatzen da.

Azken argazkiak

TOP