You seem to be using an older version of Internet Explorer. This site requires Internet Explorer 8 or higher. Update your browser here today to fully enjoy all the marvels of this site.
Goazen uretara! Orain guztiok daukagun eskubidea guztion eskura!
Udako beroa iristean... bainu freskagarri batetaz gozatzeko momentua iristen da Gipuzkoako hondartzetan. Getariako Malkorbeko hondartzan guztiok eskubide horretaz gozatzeko bertako udalak bainu egokituaren zerbitzua aztertu eta hobetu du aurtengo udarako denboraldirako, Kutxa Gizarte Ekintzaren eta Eroskiren laguntzarekin. Beraz, dirulaguntza honi esker, Gurutze Gorriak bi sorosle jarriko ditu udaran zehar mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonen bainua errazteko. Asmoa, ahalik eta erabiltzaile gehiengan iristekoa da, mugitzeko zailtasunak dituen edonork parte-har dezakeelarik. Aurreko ostiralean Getariako hondartzan izan ginen zerbitzu hau ezagutzeko eta erabiltzaile baten balorazioa ezagutzeko. Bertan, Getariako alkatea Nikanor Lertxundi, Kutxa Gizarte Ekintzako Solidaritatea Saileko arduraduna, Garbiñe Etxezarreta eta Gurutze Gorriko lehendakaria, Felix Zubia izan ziren.
Antza denez, Getariako Malkorbeko hondartza oso egokia da bainu egokituaz gozatzeko, baldintza ezinhobeak baititu. Alde batetik, ondarraren eta itsasertzaren arteko tartea oso motza da, bestetik, Kantauri itsasoa oso baretuta dago kostaldeko puntu honetan eta, bukatzeko, aldagelak, komunak eta aparkalekua egokituta daude. Beste urteetan ere zerbitzu hau eskaini izan da baina baldintzak hobetu nahi izan dira aurtengoan, sorosleek espreski tarte zehatza dedikatuko diote zerbitzu honi, Lertxundik adierazi duen arabera.